[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Biblia/Lukas

Wikitekatik
Biblia
Lukas
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Teofilo agurgarria, askok ekin diote gure artean izan diren gertakarien historia idazteari, 2 hasieran begizko testigu eta gero berrionaren predikari izandakoek jakinarazi digutenaren arabera. 3 Neuri ere on iruditu zait dena bere harian zuretzat idaztea, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, 4 jaso dituzun iraskaspenak zeinen finkatuak dauden ikus dezazun.


5 Herodes Judeako erregearen garaian, bazen Zakarias zeritzan apaiz bat, Abiasen apaiz-sailekoa; haren emaztea, Elisabet, Aaronen ondorengoa zen. 6 Zintzoak ziren biak Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta legeak huts egin gabe betez bizi ziren. 7 Ez zuten haurrik, Elisabet agorra baitzen, eta urteetan aurreratuak biak.

8 Behin batean, Zakarias apaiz-zerbitzua egiten ari zen tenpluan Jainkoaren aurrean, bere apaiz-sailaren txanda baitzen. 9 Apaizen ohituren arabera, berari egokitu zitzaion Jaunaren santutegira sartzea intsentsua eskaintzeko. 10 Herri guztia kanpoan zegoen otoitzean, intsentsua eskaintzen zen bitartean. 11 Hartan, Jaunaren aingeru bat azaldu zitzaion Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskuinean zutik. 12 Hura ikustean, ikaratu egin zen Zakarias eta beldurrak hartu zuen. 13 Baina aingeruak esan zion:

-Ez beldurtu, Zakarias, entzun du Jainkoak zure eskaria. Zeure emazte Elisabetek semea emango dizu eta Joan ipiniko diozu izena. 14 Pozez beteko zara, eta beste jende asko ere poztuko da haren jaiotzaz, 15 handia izango baita benetan Jaunaren aurrean. Ez du ardorik, ez pattarrik edango, eta amaren sabeletik bertatik Espiritu Santuaz beteko du Jainkoak. 16 Israeldar asko bihurtuko ditu beren Jainko Jaunarengana. 17 Eliasen espiritu eta ahalmenaz jantzirik, Jaunaren aurretik etorriko da, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin baketzeko eta errebeldeak zintzoen senera bihurtzeko; horrela, prestatuko du herria Jauna onartzeko.

18 Zakariasek esan zion aingeruari:

-Nola jakin dezaket horrela gertatuko dena? Ni zaharra naiz, eta emaztea ere urteetan aurreratua.

19 Aingeruak erantzun zion:

-Ni Gabriel naiz eta Jainkoaren zerbitzura nago; berak bidali nau zuri hitz egitera eta berri hau ematera. 20 Hara, mutu geldituko zara eta ezin izango duzu hitz egin hau guztia gertatu arte, bere garaian beteko diren nire hitzak sinetsi ez dituzulako.

21 Bien bitartean, herria Zakariasen zain zegoen, santutegian horrenbeste luzatzen zuelako harriturik. 22 Irten zenean, ezin zien hitz egin, eta jabetu ziren ikuskariren bat izan zuela santutegian; keinuka egiten zien, mutu gelditua baitzen. 23 Tenpluko bere zerbitzu-egunak amaitu zituenean, etxera itzuli zen. 24 Handik laster, Elisabet emaztea haurdun gelditu zen, eta bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen. Hau zioen: 25 «Hara zer egin nahi izan duen Jaunak nire alde, jendearen aurrean nuen lotsa kentzeko».


26 Handik sei hilabetera, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera, 27 birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitz emana zegoen. 28 Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:

-Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

29 Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari. 30 Aingeruak esan zion:

-Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu. 31 Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena. 32 Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak. 33 Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.

34 Mariak esan zion aingeruari:

-Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?

35 Aingeruak erantzun zion:

-Espiritu Santua etorriko da zuregana, Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. 36 Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; 37 Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.

38 Orduan, esan zuen Mariak:

-Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.

Eta aingeruak utzi egin zuen.


39 Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, 40 eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. 41 Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, 42 eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! 43 Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? 44 Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. 45 Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»


46 Orduan, Mariak esan zuen:

47 «Jaunaren handitasuna dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
48 Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
49 Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
50 eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
51 Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
52 ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
53 ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
54 lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
55 hala hitz emana zien gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei betierean».


56 Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.


57 Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. 58 Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zeinen erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren. 59 Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias. 60 Baina amak esan zuen:

-Ez, Joan izango du izena.

61 Esan zioten:

-Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.

62 Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.

63 Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. 64 Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen. 65 Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. 66 Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?» Zeren Jauna lagun baitzuen.


67 Zakarias, haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez:

68 «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
bere herriarengana etorri
eta askatu duena!
69 Salbatzaile indartsua sortu digu
bere morroi Daviden ondorengoen artean.
70 Hala hitz emana zuen antzinatik
bere profeta santuen ahoz:
71 salbatuko gintuela
gure etsaien menpetik,
gorroto gaituzten guztien eskutik;
72 horrela agertu du
gure gurasoenganako errukia
eta oroitu da bere itun santuaz,
73 gure arbaso Abrahami
egindako zin-hitzaz:
berak emango zigula,
74 etsaien menpetik libraturik,
beldur gabe bera zerbitzatzea,
75 santutasun eta justiziaz,
beraren aurrean geure bizitza guztian.
76 Eta zuri, haurtxo horri,
Goi-goikoaren profeta deituko dizute,
Jaunaren aurretik joango baitzara
hari bidea prestatuz,
77 haren herriari salbamena,
bekatuen barkamena iragarriz.
78 Gure Jainkoaren
barru errukitsuari esker,
goiz-argia agertuko zaigu zeru goitik,
79 ilunperik beltzenean daudenei
argi egitera,
gure pausoak bake-bidetik zuzentzera».


80 Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko egunera arte.



2. atala

[aldatu]

1 Garai hartan, mundu guztiko erroldaketa egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. 2 Lehen erroldaketa hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen. 3 Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. 4 Jose ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Daviden herrira igo zen 5 bere emazte Mariarekin, erroldatzera. Maria haurdun zegoen. 6 Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta 7 lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.


8 Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. 9 Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek beldur-ikaraz gelditu ziren, 10 eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berrion pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: 11 Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian. 12 Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».

13 Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz: 14 «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!»

15 Aingeruek zerura alde egin zutenean, artzainek ziotsaten elkarri: «Goazen Belenera Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera».

16 Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. 17 Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. 18 Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. 19 Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz. 20 Artzainak entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.

21 Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.


22 Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. 23 Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. 24 Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.

25 Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen 26 eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. 27 Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, 28 haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen esanez:

29 «Orain bai, Jauna,
zeuk hitz eman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
30 Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
31 herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
{{bertset|2|32| nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».


}} 33 Aitamak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. 34 Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, 35 horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere ezpatak zulatuko dizu saminak bihotza».

36 Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, 37 alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. 38 Une hartan aurkezturik, Jainkori eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.


39 Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. 40 Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.


41 Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko Jaietan. 42 Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. 43 Jaiak amaiturik, gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. 44 Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. 45 Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.

46 Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; 47 entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. 48 Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:

-Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zeinen larri genbiltzan aita eta biok zure bila!

49 Hark erantzun zien:

-Zergatik zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?

50 Baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zuen. 51 Jesus beraiekin Nazaretera jaitsi eta beraien menpe bizi izan zen. Amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok. 52 Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten.



3. atala

[aldatu]

1 Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtean zen. Pontzio Pilato zen Judeako gobernari, Herodes Galileako agintari, honen anaia Felipe Itureako eta Trakonitidako agintari, eta Lisanio Abileneko agintari; 2 Anas eta Kaifas ziren apaiz nagusi. Garai hartan, Joanek, Zakariasen semeak, Jainkoaren mezua hartu zuen basamortuan. 3 Jordan inguru guztian barrena ibili zen Joan, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots eginez, bekatuen barkamenerako. {{bertset|3|4| Horrela, Isaias profetaren liburuan idatzirik dagoena gertatu zen:

Ahots bat oihuka ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.
}} 5 Bete daitezela sakanak,
beheratu mendi-muinoak;
bihur bitez zelai eta lautada
paraje latz eta malkarrak.
6 Orduan, gizaki guztiek ikusiko dute
Jainkoak ematen duen salbamena.



7 Honela esaten zion Joanek bataiatzera zetorkion jendeari: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela? 8 Ager ezazue zeuen egiteetan bihozberrituak zaudetela, eta ez hasi <Abrahamen ondorengo gara> esaten. Egia esan, honako harri hauetatik ere atera ditzake Jainkoak Abrahamen ondorengoak. 9 Gainera, prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da».


10 Jendeak galdetzen zion Joani:

-Zer egin behar dugu, bada?

11 Hark erantzuten zien:

-Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala.

12 Joan ziren zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten:

-Maisu, zer egin behar dugu?

13 Hark erantzun zien:

-Ez kendu inori legezko dena baino gehiago.

14 Soldaduek ere galdetu zioten:

-Eta guk, zer egin behar dugu?

Joanek erantzun zien:

-Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ez eta gezurrezko salakuntzaz ere; konforma zaitezte daukazuen soldatarekin.



15 Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. 16 Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino alhaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. 17 Eskuan du sardea garia garbitu eta alea bere mandioan jasotzeko; lastoa, berriz, inoiz itzaliko ez den sutan erreko du».

18 Honela eta beste burubide askoren bidez adierazten zion berriona herriari. 19 Baina Joanek aurpegira botatzen zizkion Herodes agintariari bere anaiaren emazte Herodiasekin elkartu izana eta gainerako gaiztakeria guztiak. 20 Horregatik, Herodesek, aurreko makurkeria guztiez gainera, Joan kartzelan sartu zuen.



21 Herri guztia bataiatzen ari zela, Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu 22 eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».



23 Jesusek hogeita hamarren bat urte zituen bere egitekoari ekin zionean, eta jendearen ustetan Joseren semea zen; Jose, berriz, Elirena, 24 hau Matatena, hau Lebirena, hau Melkirena, hau Janairena, hau Joserena, 25 hau Matatiasena, hau Amosena, hau Nahumena, hau Heslirena, hau Nagairena, 26 hau Maatena, hau Matatiasena, hau Semeinena, hau Josekena, hau Jodarena, 27 hau Joananena, hau Resarena, hau Zorobabelena, hau Salatielena, hau Nerirena, 28 hau Melkirena, hau Adirena, hau Kosamena, hau Elmadamena, hau Errena, 29 hau Jesusena, hau Eliezerrena, hau Jorimena, hau Matatena, hau Lebirena, 30 hau Simeonena, hau Judarena, hau Joserena, hau Jonamena, hau Eliakimena, 31 hau Melearena, hau Menarena, hau Matatarena, hau Natanena, hau Davidena, 32 hau Jeserena, hau Jobedena, hau Boozena, hau Salarena, hau Naasonena, 33 hau Aminadabena, hau Adminena, hau Arnirena, hau Esromena, hau Faresena, hau Judarena, 34 hau Jakobena, hau Isaakena, hau Abrahamena, hau Tararena, hau Nahorrena, 35 hau Serugena, hau Ragaurena, hau Falekena, hau Eberrena, hau Salarena, 36 hau Kainamena, hau Arfaksadena, hau Semena, hau Noerena, hau Lamekena, 37 hau Matusalemena, hau Henokena, hau Jaretena, hau Maleleelena, hau Kainamena, 38 hau Enosena, hau Setena, hau Adamena, eta hau Jainkoarena.



4. atala

[aldatu]

1 Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen 2 berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen. 3 Deabruak esan zion, orduan:

-Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.

4 Jesusek erantzun zion:

-Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.

5 Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean 6 eta esan zion:

-Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket. 7 Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.

8 Jesusek erantzun zion:

-Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

9 Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:

-Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, 10 idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. 11 Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

12 Baina Jesusek erantzun:

-Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

13 Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.



14 Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri. 15 Hango sinagogetan irakasten zien, denek goraipatzen zutela.



16 Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu. 17 Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:

18 Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak nau bidali gatibuei askatasuna eta behartsuei berriona adieraztera, itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera, 19 Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera.


20 Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan. 21 Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

22 Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?» 23 Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: <Sendagile, sendatu zeure burua>, eta esango: <Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak> ». 24 Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik. 25 Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean; 26 hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik. 27 Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».

28 Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren. 29 Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtikitzeko. 30 Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.



31 Jesus Galileako hiri batera, Kafarnaumera, jaitsi eta jendeari irakasten ari zen larunbatean. 32 Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez hitz egiten baitzien. 33 Bazen sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihu bizian esan zuen:

34 -Utikan! Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

35 Jesusek gogor eraso zion:

-Isil hadi eta irten horrengandik!

Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik. 36 Harri eta zur gelditu ziren denak, eta elkarri esaten zioten:

-Zer da hau? Espiritu gaiztoei nagusitasunez eta indarrez agintzen die, eta horiek atera egiten!

37 Haren entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.



38 Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten. 39 Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari eta sukarrak alde egin; jaiki zen amaginarreba berehala eta zerbitzatzen hasi zitzaien.



40 Eguzkia sartu zenean, gaixoak zeuzkaten guztiek, gaitza edozein zela ere, Jesusengana eraman zituzten; eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egin zituen. 41 Askorengandik atera ziren deabruak ere, deiadarka: «Jainkoaren Semea zara zu».

Berak zorrotz galarazten zien hitzegitea, bazekiten-eta Mesias zela.



42 Eguna zabaldu zuenean, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen, eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, beraiengandik alde egin ez zezan. 43 Baina hark esan zien: «Gainerako herriei ere adierazi behar diet Jainkoaren erregetzaren berriona, horretarako bidali bainau Jainkoak».

44 Eta Judeako sinagogetan ibili zen berriona hots egiten.



5. atala

[aldatu]

1 Behin batean, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean zegoen. 2 Eta bi untzi ikusi zituen ur-bazterrean: arrantzaleak, untzitik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. 3 Igo zen bietako batera, Simonenera, eta untzia lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion; gero, eseri eta jendeari irakasten ziharduen untzitik. 4 Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion:

-Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako.

5 Simonek erantzun zion:

-Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.

6 Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden. 7 Beste untziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi untziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten. 8 Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez:

-Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!

9 Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Pedro eta beronekin zirenak, 10 bai eta Pedroren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni:

-Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.

11 Untziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.



12 Behin, Jesus herri batean zela, legenaz jositako gizon bat azaldu zen; Jesus ikustean, ahozpez lurrera erori eta erregutu zion:

-Jauna, nahi baduzu, garbi nazakezu.

13 Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:

-Nahi dut, izan zaitez garbi.

Berehala alde egin zion legenak.

14 Jesusek inori ez adierazteko agindu zion eta esan:

-Zoaz, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.

15 Gero eta gehiago hitz egiten zen Jesusi buruz, eta jende-talde handiak biltzen ziren hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. 16 Jesus, ordea, toki bakartietara joan ohi zen otoitz egitera.



17 Egun batez, Jesus irakasten ari zen eta han zeuden eserita fariseu eta lege-maisu batzuk, Galileako auzo guztietatik, Judeatik eta Jerusalemdik etorriak. Jaunaren indarra berekin zuen eta sendatzera eragiten zion. 18 Hartan, gizon batzuk azaldu ziren elbarri bat ohatilan ekarriz, eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. 19 Jendetzagatik ez baitzuten nondik sartua aurkitzen, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdi-erdira, Jesusen aurrera. 20 Honek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zuen:

-Gizona, barkatuak dituzu bekatuak.

21 Lege-maisuak eta fariseuak gogoetaka hasi ziren: «Nor da honela biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak Jainkoak bakarrik baizik?» 22 Baina Jesusek haien gogoetak igarri eta esan zien: «Zergatik dituzue horrelako gogoetak zeuen baitan? 23 Zer da errazago: <Barkatuak dituzu bekatuak> esatea ala <Jaiki eta zabiltza> esatea? 24 Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena».

Eta esan zion elbarriari:

-Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.

25 Une berean, elbarria, haien aurrean altxaturik, etzana zegoeneko ohatila hartu eta etxera joan zen Jainkoa goretsiz. 26 Harriturik gelditu ziren denak eta Jainkoa goresten zuten. Beldurraren beldurrez honela zioten: «Gauza apartak ikusi ditugu gaur».



27 Ondoren, atera zen Jesus handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:

-Jarraitu niri.

28 Lebik, dena utzirik, zutitu eta jarraitu egin zion.

29 Lebik bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera jende asko zegoen mahaian, zergalari eta beste. 30 Fariseu eta beraien lege-maisuak marmarrean ari zitzaizkien ikasleei, esanez:

-Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?

31 Jesusek erantzun zien:

-Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik; 32 ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen.



33 Orduan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi:

-Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, gauza bera gure ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira.

34 Jesusek erantzun zien:

-Nola nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar-berria berekin dutelarik? 35 Etorriko zaie, bai, senar-berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.

36 Parabola hau ere esan zien: «Inork ez dio jantzi zaharrari jantzi berriari kendutako adabakirik josten; bestela, jantzi berria hondatuko litzateke eta ez litzaioke zaharrari berriaren adabakia egoki etorriko. 37 Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardo berriak zahagiak lehertu egingo lituzke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu egingo lirateke. 38 Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartu behar da. 39 Eta ardo zaharrarekin ohituak ez du berririk nahi, <Zaharra hobea duk> esaten baitu».



6. atala

[aldatu]

1 Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleek, galburuak hartu eta eskuan aleturik, jan egiten zituzten. 2 Fariseu batzuek esan zieten:

-Nola ari zarete egiten, larunbatez zilegi ez dena?

3 Jesusek erantzun zien:

-Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean? 4 Jainkoaren etxean sartu, Jaunari eskainiriko ogiak hartu eta jan egin zituen, eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik.

5 Eta, gainera, esan zien:

-Larunbataren nagusi da Gizonaren Semea.



6 Beste larunbat batez, sinagogan sartu zen Jesus irakastera. Bazen han eskuineko besoa elbarri zeukan gizon bat. 7 Lege-maisu eta fariseuak zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatu izateko. 8 Jesusek, haien gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan zion:

-Jaiki eta atera zaitez erdira.

Hura jaiki eta atera egin zen. 9 Jesusek esan zien, orduan:

-Galdera bat: Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

10 Eta, inguruko guztiei begira, honela esan zion gizonari:

-Luzatu beso hori.

Luzatu zuen, eta sendatu egin zitzaion.

11 Lege-maisu eta fariseuak beren onetik aterata gelditu ziren, eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.



12 Egun haietako batean, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. 13 Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: 14 Simon -honi Pedro izena eman zion-, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, 15 Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon -Zelote zeritzana-, 16 Judas Santiagorena eta Judas Iskariote -Jesusen saltzaile gertatu zena-.



17 Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; bai eta herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria, 18 hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren. 19 Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion.



20 Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:

«Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

21 «Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.

«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

22 «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztenean eta izen txarra emango dizuetenean. 23 Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek.

24 «Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza!

25 «Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete!

«Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!

26 «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!



27 «Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei, 28 bedeinkatu madarikatzen zaituztenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde.

29 «Masaila batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere. 30 Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi. 31 Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

32 «Maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. 33 Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. 34 Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan. 35 Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera esker txarreko eta gaiztoentzat. 36 Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.



37 «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue; 38 eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».

39 Eta parabola bat ere esan zien: «Itsua itsuaren gidari izan ote liteke? Ez ote dira biak zulora eroriko? 40 Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ongi eskolaturiko ikaslea irakaslea adina izango da.

41 «Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez? 42 Nola esan diezaiokezu senideari: <Adiskide, utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen>, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.



43 «Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ez eta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. 44 Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ez eta sasitik ere mahatsik hartzen. 45 Ona denak ona ateratzen du bere barneko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten baitu.



46 «Zergatik esaten didazue <Jauna, Jauna>, eta ez duzue egiten esaten dizuedana? 47 Erakutsiko dizuet noren antzeko den niregana hurbildu eta nire esanak entzun eta betetzen dituena: 48 etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak harkaitzean hartu zituen gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo egina baitzen. 49 Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, oinarririk gabe, egin zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen, eta dena porrokatua gelditu».



7. atala

[aldatu]

1 Herriari egindako hitzaldi hau amaiturik, Jesus Kafarnaumen sartu zen. 2 Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. 3 Jesusen berri entzunik, judu-buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz. 4 Joan ziren Jesusengana, eta arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du zuk hori egitea, 5 maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere».

6 Jesus beraiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor zu nire etxean sartzeko. 7 Horregatik, ez naiz ausartu neu zuregana joaten; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko. 8 Neuk ere, menpekoa izanagatik, soldaduak ditut menpean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da, beste bati etortzeko agindu eta etorri, morroiari zerbait egiteko esan eta hala egiten du».

9 Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendearengana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinestedunik».

10 Mandatariek, etxera itzultzean, sendatua aurkitu zuten morroia.



11 Ondoren, Nain izeneko herri batera joan zen Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun zituela. 12 Herriko sarrerara hurbildu zenean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, zeramaten lur ematera. Herriko jende asko zihoan amarekin. 13 Hau ikustean, errukitu egin zitzaion Jauna eta esan zion: «Ez egin negarrik».

14 Aurreraturik, hilkutxa ukitu zuen, eta zeramatenak gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen: «Gazte, zuri diotsut: Jaiki!»

15 Jaiki zen hildakoa eta hizketan hasi, eta Jesusek amari bihurtu zion. 16 Denak beldurrak hartu zituen, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handi bat sortu da gure artean». Bai eta ere: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da».

17 Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zen gertaera honen berri.



18 Kontatu zioten hau guztia Joani bere ikasleek, eta hark, ikasleetariko biri deiturik, 19 Jaunarengana bidali zituen galdetzera: «Zu al zara <Etortzekoa>, ala besteren baten zain egon behar dugu?»

20 Joan ziren, bada, haiek Jesusengana eta esan zioten:

-Joan Bataiatzaileak bidali gaitu zuri galdetzera: «Zu al zara <Etortzekoa> ala besteren baten zain egon behar dugu?»

21 Une hartan, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zeuzkan jende asko sendatu zuen Jesusek, eta itsu askori ikusmena itzuli zien. 22 Ondoren, mandatariei erantzun zien:

-Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie. 23 Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!

24 Joanen mandatariek alde egin zutenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera? 25 Zer ikustera irten zineten, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabiltzanak errege-jauregietan bizi ohi dira. 26 Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa. 27 Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea. 28 Egia esan, ez da amaren semerik Joan baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiago da.

29 «Joani entzun zion herri osoak, bai eta zergalariek ere, Jainkoak arrazoi zuela aitortu zuten, haren bataioa hartuz. 30 Fariseu eta lege-maisuek, ordea, huts eragin zioten Jainkoak beraientzat zeukan asmoari, ez baitzuten Joanen bataioa hartu.

31 «Norekin konparatuko dut, bada, gizaldi honetako jendea? Noren antzeko dira? 32 Plazan eseriak dauden mutikoen antzeko dira, honela ari baitzaizkio elkarri: <Jo dizuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez>.

33 «Etorri baita Joan Bataiatzailea, ez jan eta ez edan egiten ez duela, eta burutik egina dagoela diozue. 34 Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta esaten duzue: <A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien laguna!> 35 Baina Jainkoaren jakinduria zuzena dela aitortzen dute bera onartzen duten guztiek».


36 Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. 37 Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. 38 Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurtzitzen zizkion.

39 Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolako emakumea den bera ukitzen ari dena, bekataria alegia».

40 Jesusek esan zion:

-Simon, badut zerbait zuri esateko.

Hark erantzun:

-Esadazu, Maisu.

41 -Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar. 42 Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?

43 Simonek erantzun zion:

-Gehien barkatu zionak, nik uste.

Jesusek esan zion:

-Zuzen diozu.

44 Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:

-Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. 45 Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. 46 Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit. 47 Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.

48 Eta emakumeari esan zion: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak».

49 Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?»

50 Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean».


8. atala

[aldatu]

1 Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berriona hots eginez. Berekin zituen Hamabiak, 2 bai eta espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak zituen zenbait emakume ere: Magdalako Maria -honengandik zazpi deabru bota zituen-, 3 Joana -Herodesen etxezain Kusaren emaztea-, Susana eta beste asko. Guztiok beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.



4 Herri guztietatik etorritako jendetza handia bildu zitzaion batean, parabola hau esan zien Jesusek: 5 «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; zapaldu egin zuten eta txoriek jan. 6 Beste zenbait harri gainean erori zen, eta ernetzean ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten. 8 Besteak lur gozoan erori ziren; erne eta bateko ehun eman zuten fruitu».

Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Ulertzeko gauza denak uler beza».



9 Orduan, parabola horrek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi. 10 Honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; gainerakoei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez.



11 «Hona hemen, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren mezua da. 12 Bide-bazterreko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta beren bihotzetik mezua kendu egiten die, sinetsi eta salba ez daitezen. 13 Harri gaineko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian huts egiten. 14 Sasi arteko hazia bezalakoak, berriz, hauek: mezua entzuten dutenak, baina, bizitzako ardura, diru eta atsegin artean, itota gelditzen dira eta fruitu ematera iristen ez. 15 Lur oneko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitu ematen dutenak.



16 «Inork ez du kriseilua piztu eta ontzipean gordetzen edo ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten. 17 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ez eta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik. 18 Kontu izan, bada, nola entzuten duzuen; izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».



19 Joan zitzaizkion Jesusi bere ama eta anai-arrebak, baina jendearen jendez ezin iritsi ziren berarenganaino. 20 Eta jakinarazi zioten:

-Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian.

21 Jesusek, berriz, erantzun zien:

-Hauek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak.


22 Egun batez, Jesus untzi batera igo zen bere ikasleekin eta esan zien: «Goazen aintziraz bestaldera». Eta untziz atera ziren.

23 Zihoazela, loak hartu zuen Jesus. Aintziran haize-bolada sortu zelarik, untzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden. 24 Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, esnarazi egin zuten, esanez:

-Maisu, Maisu! Galzorian gaude!

Hark, esnaturik, haserre egin zien haizeari eta olatuei; hauek oneratu eta dena bare gelditu zen. 25 Orduan, esan zien ikasleei:

-Non da zuen sinesmena?

Haiek, beldurrez eta harriturik, elkarri ziotsaten: «Nor ote dugu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten baitiote?»



26 Gerasatarren lurraldera, Galileaz bestaldeko aintzira-bazterrera, iritsi ziren. 27 Jesus lehorrera jaitsi orduko, herriko gizon bat, deabruduna, atera zitzaion bidera; aspalditik jantzi gabe zebilen, eta ez zen etxean bizi, hilobietan baizik. 28 Jesus ikustean, oihuka hasi eta, aurrean ahozpezturik, deiadarka esan zuen:

-Zer duzu nirekin, Jesus, Goi-goikoaren Seme horrek? Arren, ez nazazu oinazetu.

29 Izan ere, gizon harengandik irteteko agindua baitzion Jesusek espiritu gaiztoari. Zeren sarritan hartzen baitzuen deabruak bere menpe; eta, zaintzeko girgiluz eta katez lotzen bazuten ere, lokarriak hautsi egiten zituen, eta deabruak toki bakartietara bultzatzen zuen.

30 Orduan, Jesusek galdetu zion:

-Nola duk izena?

Hark erantzun:

-Taldea.

Deabru asko baitziren harengan sartuak. 31 Eta leize-zulora ez bidaltzeko erregutu zioten Jesusi.

32 Bazebilen han txerri-talde on bat mendian uxarrean. Haietan sartzen uzteko erregutu zioten deabruek Jesusi. Honek baimena eman zien. 33 Deabruak gizonarengandik atera eta txerriengan sartu ziren, eta txerri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zen eta ito. 34 Gertatua ikustean, txerrizainek ihes egin eta herrian eta auzoetan berria zabaldu zuten. 35 Orduan, zer gertatu ote zen ikustera irten zen jendea. Jesusen ondora iristean, han aurkitu zuten Jesusen oinetan eseria deabruak atera zitzaizkion gizona, jantzirik eta bere onean, eta biziki izutu ziren. 36 Gertatua ikusi zutenek deabruduna nola sendatua izan zen kontatu zioten jendeari. 37 Orduan, Gerasa inguru hartako jende guztiak beren artetik alde egiteko eskatu zion Jesusi, beldurrak jota baitzeuden. Jesus untziratu eta itzuli egin zen. 38 Deabruak atera zitzaizkion gizonak berarekin ibiltzen uzteko eskatu zion; baina Jesusek bidali egin zuen, esanez: 39 «Itzul zaitez etxera, eta konta ezazu Jainkoak egin dizun guztia».

Eta han joan zen, Jesusek egin ziona herri guztian zabalduz.



40 Jesus itzuli zenean, jendeak ongi etorria egin zion, denak haren zain baitzeuden. 41 Hartan, Jairo zeritzan gizon bat etorri zitzaion, sinagogako buruzagia. Eta Jesusen oinetan ahozpezturik, arren eta arren bere etxera etortzeko eskatzen zion, 42 bere alaba bakarra, hamabiren bat urtekoa, hilzorian zeukala eta.

Bidean, jendeak ito beharrean estutzen zuen. 43 Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoena. Bere diru guztiak medikutan gastatuak zituen, baina ezin izan zuen inork sendatu. 44 Atzetik hurbildu eta soineko-ertza ukitu zion Jesusi; eta bat-batean odol-jarioa gelditu egin zitzaion. 45 Jesusek galdetu zuen:

-Nork ukitu nau?

Denek ezetz ziotela, Pedrok esan zion:

-Maisu, ez zaitu, bada, jende guztiak lehertu beharrean estutzen?

46 Baina Jesusek esan zuen:

-Norbaitek ukitu nau, niregandik indar bat atera dela sumatu baitut.

47 Orduan, emakumeak, bere burua ezin zuela gorde ikusiz, beldurrez dardar Jesusen oinetara erori eta jende guztiaren aurrean agertu zuen zergatik ukitu zuen eta nola bat-batean sendatua gertatu zen. 48 Jesusek esan zion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean».

49 Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik morroi bat etorri zen esatera: «Hil zaizu alaba; ez eman gehiago nekerik Maisuari». 50 Baina Jesusek, hori entzunik, esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi, eta salbatuko da».

51 Etxera iritsi zirenean, ez zion inori ere utzi berekin sartzen, Pedro, Joan eta Santiagori eta neskatilaren gurasoei izan ezik. 52 Denak negarrez eta aieneka ari ziren neskarengatik. Jesusek esan zien: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago».

53 Haiek barre egiten zioten, bai baitzekiten hilda zegoela. 54 Baina Jesusek eskutik heldu eta hots egin zion: «Neskatila, jaiki zaitez». 55 Neskatilari arnasa etorri zitzaion eta bat-batean zutitu zen, eta hari jaten emateko agindu zien Jesusek. 56 Gurasoak harri eta zur gelditu ziren. Jesusek gertatua inori ez esateko agindu zien.



9. atala

[aldatu]

1 Jesusek, Hamabiak beregana bildurik, deabru guztiak botatzeko eta gaitzak sendatzeko indarra eta ahalmena eman zizkien. 2 Eta Jainkoaren erregetza hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen, 3 esanez: «Ez hartu deus ere biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, eta ez dezala inork aldatzeko jantzirik eraman. 4 Edozein etxetan sartzen zaretela, gelditu bertan herri hartatik atera arte. 5 Eta onartzen ez bazaituztete, herri hartatik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat».

6 Atera ziren, bada, eta herriz herri joan ziren, berriona hots eginez eta alde guztietan gaixoak sendatuz.



7 Jakin zuen Herodes agintariak gertatzen zen guztia, eta zer pentsa ez zekiela zegoen. Batzuek Joan hilen artetik piztu zela zioten; 8 beste batzuek Elias profeta azaldu zela; beste zenbaitek, berriz, antzinako profetaren bat piztu zela. 9 Herodesek, berriz, honela zioen: «Joani neuk moztu nion lepoa. Nor da, bada, hau, horrelakoak entzuten baititut beroni buruz?» Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen.



10 Apostoluek, itzultzean, egin zuten guztia kontatu zioten Jesusi. Orduan, haiek berekin hartu eta Betsaida zeritzan herrialdera joan zen bakarrik. 11 Baina ohartu zen jendea eta jarraitu egin zion. Jesusek ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.

12 Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:

-Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.

13 Baina hark erantzun zien:

-Eman zeuek jaten.

Haiek, orduan:

-Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.

14 Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:

-Eserarazi berrogeita hamarnaka.

15 Hala, denak eserarazi zituzten. 16 Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko. 17 Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.


18 Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:

-Nor naizela dio jendeak?

19 Haiek erantzun zioten:

-Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.

20 Jesusek galdetu zien:

-Eta zuek, nor naizela diozue?

Pedrok erantzun:

-Jainkoaren Mesias.

21 Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, 22 eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da».



23 Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. 24 Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. 25 Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu? 26 Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzaz, bere Aitaren aintzaz eta aingeru santuen aintzaz etorriko denean. 27 Zinez diotsuet: Hemen daudenetako batzuk ez dira hilko, harik eta Jainkoaren erregetza ikusi arte».



28 Hitzaldi honetatik zortziren bat egunera, Pedro, Joan eta Santiago berekin hartu eta mendira igo zen Jesus, otoitzera. 29 Eta, otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu. 30-31 Hartan, bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusekin mintzo ziren Jerusalemen gertatzekoa zen honen heriotzaz. 32 Pedro eta lagunak logaleak jota zeuden; baina esnatu ziren eta Jesusen aintza eta harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten. 33 Hauek urruntzean, Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

Ez zekien zer esaten zuen ere. 34 Eta, hori zioela, hodei batek estali zituen, eta beldurtu egin ziren hodeipean sartzean. 35 Mintzo hau entzun zen hodeitik: «Hauxe dut neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»

36 Mintzoaren ondoren, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten eta, ordukoz, ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.



37 Biharamunean, menditik beherakoan, jende asko atera zitzaion bidera. 38 Hartan, gizon batek jendartetik oihuka esan zion:

-Maisu, arren begira, nire semeari, bakarra baitut. 39 Espiritu batek hartzen du menpean, eta bat-batean garrasika hasten da; gogor astintzen du eta lerdea dariola jartzen, eta oso nekez alde egiten du berarengandik, hauts eginda uzten duelarik. 40 Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute.

41 Jesusek esan zuen:

-Hau gizaldi sinesgogor eta makurra! Noiz arte egon behar ote dut zuen artean eta jasan behar ote zaituztet? Ekar ezazu hona semea.

42 Mutila zetorrela, deabruak lurrera bota eta gogor astindu zuen. Jesusek mehatxu egin zion espiritu gaiztoari, mutikoa sendatu zuen eta aitari itzuli zion. 43 Denak harriturik gelditu ziren Jainkoaren handitasuna ikustean.



Jesusek egiten zituenengatik txunditurik zeuden denak. Hark esan zien ikasleei: 44 «Hartu ongi gogoan hitzok: Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute».

45 Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; ilun gertatzen zitzaien, eta ezin ziren esanahiaz jabetu; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.



46 Eztabaida sortu zen ikasleen artean, nor ote zen beraietan handiena. 47 Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta, haur bat harturik, bere ondoan jarri 48 eta esan zien: «Haur hau nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, bidali nauen hura onartzen du. Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena».



49 Orduan, Joanek esan zion:

-Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.

50 Baina Jesusek erantzun:

-Ez eragotzi, zeren zuen kontra ez dagoena zuen alde baitago.


51 Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek. 52 Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren Jesusi ostatua prestatzeko. 53 Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoala eta. 54 Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik tximista erori eta garbi ditzan?»

55 Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. 56 Gero, beste herri batera joan ziren.



57 Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi:

-Noranahi jarraituko dizut.

58 Jesusek esan zion:

-Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.

59 Beste bati esan zion:

-Jarraitu niri.

Baina hark erantzun:

-Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.

60 Eta Jesusek:

-Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.

61 Beste batek, berriz, esan zion:

-Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.

62 Baina Jesusek erantzun:

-Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako.



10. atala

[aldatu]

1 Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta toki guztietara. 2 Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara.

3 «Zoazte! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.

4 «Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. 5 Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: <Bakea etxe honetakoei>. 6 Han bakezalerik baldin badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra. 7 Geldi zaitezte etxe berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.

8 «Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, 9 sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: <Gainean duzue Jainkoaren erregetza>. 10 Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan: 11 <Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean duzuela Jainkoaren erregetza>. 12 Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du, herri hark baino.



13 «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuen artean adina mirari gertatu izan balitz, aspaldi bihozberrituak ziratekeen, dolu-jantziz estaliz eta hautsetan eseriz. 14 Horregatik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dute zuek baino. 15 Eta zu, Kafarnaum,

«zeruraino altxatuko al zara? Lurraren barreneraino eroriko zara!


16 «Zuei entzuten dizuenak niri entzuten dit, eta zuek onartzen ez zaituztenak, ni ez nau onartzen; ni onartzen ez nauenak, berriz, bidali nauen hura ez du onartzen».


17 Hirurogeita hamabi ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi:

-Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.

18 Jesusek esan zien:

-Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas. 19 Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin. 20 Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.



21 Une hartan, Espiritu Santuak pozez beterik, Jesusek esan zuen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.

22 «Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ez eta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak».

23 Eta ikasleak bakarrean harturik, esan zien: «Zorionekoak zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak! 24 Zeren, egia esan, profeta eta errege askok ikusi nahi izan baitzuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun, zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».



25 Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:

-Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?

26 Jesusek esan zion:

-Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?

27 Hark erantzun:

-Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

28 Jesusek erantzun zion:

-Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.

29 Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:

-Eta nor da nire lagun hurkoa?

30 Jesusek erantzun zion:

-Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. 31 Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 32 Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 33 Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion. 34 Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean ezarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. 35 Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: «Zain ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren esku eroritako gizonarekin?

37 Lege-maisuak erantzun zion:

-Hartaz errukitu zenak.

Jesusek esan zion, orduan:

-Zoaz eta egin zuk ere beste horrenbeste.


38 Bidean zihoazela, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen. 39 Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza entzuten zegoen. 40 Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan zion:

-Jauna, ongi ikusten al duzu nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko.

41 Jaunak, ordea, erantzun zion:

-Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; 42 baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko.



11. atala

[aldatu]

1 Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala».

2 Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue:

«Aita, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; 3 emaguzu egunean eguneko ogia, 4 eta barkatu gure bekatuak, guk ere zor diguten guztiei barkatzen baitiegu, eta ez utzi gu tentaldian erortzen».


5 Gero, esan zien: «Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: <Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta; 6 lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko>. 7 Eman dezagun besteak barrutik erantzuten diola: <Utz nazak bakean, atea itxia zegok eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki>. 8 Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena.

9 «Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. 10 Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.

11 «Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? 12 Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik? 13 Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?»


14 Behin batean, gizon bat mututurik zeukan deabrua botatzen ari zen Jesus. Deabrua ateratzean, mutua hizketan hasi zen, eta jendea harriturik gelditu zen. 15 Alabaina, batzuek zioten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». 16 Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoarengandiko seinale bat eskatzen zioten. 17 Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da eta etxea etxearen gainera eroriko. 18 Izan ere, Satanas ere bere baitan zatiturik badago, nola iraun dezake haren erreinuak? Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen ditudala baitiozue zuek. 19 Baina nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile. 20 Deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.

21 «Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen duen bitartean, seguru dauzka bere ondasunak. 22 Baina indartsuago batek eraso eta menperatzen badu, segurantza ematen zioten armak kendu eta hari harrapatutako gauzak banatu egingo ditu.

23 «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.



24 «Espiritu gaiztoa, norbaitengandik irten ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina, aurkitzen ez duelarik, bere buruari esaten dio: <Noan berriro, atera nintzeneko neure etxera>. 25 Iristean, etxea garbitua eta apaindua aurkitzen du. 26 Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen; horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».


27 Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:

-Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!

28 Baina Jesusek esan zuen:

-Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!



29 Jende asko biltzen ari zitzaiola, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da; mirarizko seinale eske ari da, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena baizik. 30 Zeren, Jonas ninivetarrentzat seinale gertatu zen bezala, hala gertatuko baita Gizonaren Semea ere gizaldi honentzat. 31 Hegoaldeko erreginak auzi-egunean gizaldi honetako jendearen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiago den bat. 32 Ninivetarrek ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta baduzue hemen Jonas baino handiago den bat.



33 «Inork ez du kriseilua pizten eta ezkutuan edo ontzipean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, sartzen direnek argia ikus dezaten. 34 Begia duzu gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik duzunean, zure gorputz osoa ere argitan dabil. Begia gaixo duzunean, ordea, zure gorputz osoa ere ilunpetan dabil. 35 Begira, bada, zure barruan argi behar lukeena ez dadin ilun gerta. 36 Beraz, goitik beheraino argitan bazaude, inongo ilunperik gabe, kriseiluak bere distiraz argitzen zaituenean bezala zara argitsu».



37 Jesusek hitzaldia amaitu zuenean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu zuen. Jesus sartu eta mahaian jarri zen. 38 Fariseua harriturik gelditu zen bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik ez zuela egin ikustean. 39 Orduan, Jaunak esan zion: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, zeuek barrutik lapurretaz eta txarkeriaz beteak zaudeten bitartean! 40 Burugabeok halakook! Ez ote du kanpokoa egin zuenak berak egin barrua ere? 41 Hobe zenukete daukazuena limosnatzat emango bazenute! Horrela, gauza guztiak garbi izango lirateke zuentzat.

42 «Ai zuek, fariseuok! Barazki kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dituzue, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, berriz, alde batera uzten. Hauek bete behar zenituzkete, haiek utzi gabe. 43 Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan lehenengo aulkiak eta plazetan jendearen agurrak maite dituzue. 44 Ai zuek! Ikusten ez diren hilobiak bezala zarete, jendea oharkabean haien gainetik baitabil».

45 Orduan, lege-maisu batek esan zion:

-Maisu, horrela hitz eginez, guri ere irain egiten diguzu.

46 Jesusek erantzun zion:

-Ai zuek ere, lege-maisuok! Eramanezineko zamak leporatzen dizkiezue besteei, eta zeuek atzamar batez ere ukitu ez.

47 «Ai zuek, zeuen gurasoek hildako profetei hilarriak jasotzen dizkiezuenok. 48 Horrela, gurasoek egindakoarekin ados zaudetela aitortzen duzue; zeren haiek hil egin zituzten profetak, eta zuek hilarriak jasotzen dizkiezue. 49 Zerbaitengatik esan zuen Jainkoak bere jakindurian: <Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet eta batzuk hil eta besteak erasoka erabiliko dituzte>. 50 Baina Jainkoak munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko dizkio gizaldi honi: 51 hasi Abelen odoletik, eta aldaretik santutegira bitartean hil zen Zakariasen odoleraino. Bai, egia esan, gizaldi honi eskatuko dizkio kontuak Jainkoak.

52 «Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok. Zeuek ez zarete sartu eta sartu nahi zutenei ez diezue utzi».

53 Handik atera zenean, gupidarik gabe eraso zioten lege-maisuek eta fariseuek, handik eta hemendik galdezka, 54 ea erantzun okerren batean harrapatzen zuten.



12. atala

[aldatu]

1 Bitartean, milaka eta milaka lagun bildua zen, elkar zapaldu beharrean. Jesus hizketan hasi zitzaien: «Ibili kontuz fariseuen legamiarekin, hau da, itxurazalekeriarekin. 2 Ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ez eta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik. 3 Zeren gau-ilunez esan duzuena egun-argiz entzungo baita, eta etxe-zokoan belarrira esan duzuena etxe gainetik hots egingo.



4 «Entzun zuek, nire adiskideok. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez dutenei. 5 Esango dizuet nori izan beldur: Izan beldur hiltzeko eta ondoren infernura jaurtikitzeko ahalmena duenari. Bai, izan beldur horri! 6 Ez ote dira bost txori bi sosetan saltzen? Alabaina, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. 7 Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak. Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio duzue.



8 «Egia esan, jendaurrean aitortzen nauena aitortuko du Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean; 9 baina jendaurrean ukatzen nauena ukatu egingo dute Jainkoaren aingeruen aurrean. 10 Gizonaren Semearen kontra zerbait esaten duenari, barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten duenari, ez dio barkatuko.

11 «Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eramango zaituztetenean, ez egon kezkatan nola egin edo zer esan zeuen alde, 12 Espiritu Santuak adieraziko baitizue une hartan bertan zer esan behar duzuen».


13 Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:

-Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.

14 Jesusek erantzun zion:

-Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?

15 Orduan, guztiei esan zien:

-Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.

16 Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. 17 Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: <Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?> 18 Eta beretzat esan zuen: <Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. 19 Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai>. 20 Baina Jainkoak esan zion: <Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?> »

21 Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».



22 Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek: «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko. 23 Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago. 24 Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino! 25 Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere? 26 Beraz, gauzarik txikiena ere ezin baduzue, zertan kezkatu gainerakoaz? 27 Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. 28 Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook?

29 «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. 30 Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena. 31 Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak. 32 Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.

33 «Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ez eta han sitsak jaten ere. 34 Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.



35 «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; 36 izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala. 37 Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie. 38 Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!

39 «Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. 40 Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea».

41 Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?»

42 Jaunak esan zuen: «Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala. 43 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! 44 Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du. 45 Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, 46 gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango. 47 Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du; 48 nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko.



49 «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego! 50 Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau nire larria hori bete arte!

51 «Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik. 52 Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak, elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; 53 aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra».



54 Jesusek hau ere esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, <Euria dator> esaten duzue, eta hala gertatzen da. 55 Hego-haizea denean, berriz, <Sargoria dugu> esaten duzue, eta hala gertatzen da. 56 Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nola ez diozue antzematen garai honi?



57 «Zergatik ez duzue zeuen kabuz zuzen dena erabakitzen? 58 Esate baterako, etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan jarriko eta ertzainak kartzelara botako. 59 Egia esan, ez zara handik aterako azken semeikoa ordaindu arte».


13. atala

[aldatu]

1 Une hartan, batzuek Jesusengana joan eta zenbait galilearri gertatua kontatu zioten: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren abereen odolarekin beraien odola nahastuz. 2 Jesusek erantzun zien: «Galilear horiek gainerakoak baino bekatariago zirela uste al duzue, heriotza hori izan zutelako? 3 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.

4 «Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue? 5 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete».


6 Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikuondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. 7 Orduan, mahastizainari esan zion: <Begira, badira hiru urte pikuondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?> 8 Baina mahastizainak erantzun zion: <Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, 9 ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu> ».


10 Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus. 11 Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.

12 Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik».

13 Eskuak ezarri zizkion eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi.

14 Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, jendeari esan zion:

-Astean sei egun daude lanerako. Zatozte egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean.

15 Jaunak erantzun zion:

-Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez ere idia nahiz astoa ikuilutik askatu eta ura edatera eramaten? 16 Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?

17 Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik gelditu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoen hark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.



18 Jesusek jarraitu zuen: «Zeren irudiko da Jainkoaren erregetza? Zeren antzeko dela esango nuke? 19 Gizon batek bere baratzean botatzen duen mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dituzte habiak».

20 Berriro esan zuen: «Zeren antzeko dela esango nuke Jainkoaren erregetza? 21 Legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».



22 Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.

23 Batek esan zion:

-Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?

Jesusek erantzun zuen:

24 -Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango. 25 Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten». 26 Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu». 27 Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!» 28 Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtikiak ikustean. 29 Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

30 «Begira, orain azkenengo den zenbait lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkenengo».


31 Une hartan, fariseu batzuk joan zitzaizkion Jesusi eta esan zioten:

-Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes zu hil nahian dabil eta.

32 Jesusek esan zien:

-Joan eta esaiozue gizontto horri: Begira, gaur eta bihar sendatzen eta deabruak botatzen jarraitu behar dut, eta hirugarren egunean nire azkena izango da. 33 Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar diot, ez baitaiteke profetarik Jerusalemdik kanpora hil.



34 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldea hegalpean bezala, eta zuek ez duzue nahi izan. 35 Horra bada, hutsik geldituko zaizue etxea. Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, hau esango duzuen garaira arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»


14. atala

[aldatu]

1 Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. 2 Gizon urmindun bat zegoen han, Jesusen aurrean. 3 Jesusek lege-maisu eta fariseuei galdetu zien: «Zilegi al da larunbatez inor sendatzea, bai ala ez?»

4 Haiek isilik gelditu ziren. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, sendatu eta bidali egin zuen. 5 Gero, haiei esan zien: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura erortzen bazaio, ez du berehala ateratzen, larunbata izanagatik?»

6 Erantzun ezinik gelditu ziren.


7 Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: 8 «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; 9 hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: <Utzi tokia honi>; orduan, azkenengo lekuan eseri beharko zenuke lotsagorritan. 10 Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkenengo tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: <Adiskide, igo gorago>. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. 11 Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

12 Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ez eta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. 13 Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. 14 Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».



15 Hitz hauek entzutean, mahaikide batek esan zion Jesusi: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko duena!»

16 Jesusek erantzun zion: «Gizon bat afari handi bat ematekoa zen eta jende asko gonbidatu zuen. 17 Afarikoan, morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: <Etorri, dena gertu dago eta>. 18 Baina bata bestearen ondoren denak aitzakiak jartzen hasi ziren. Lehenengoak esan zion: <Soroa erosi dut, eta ikustera joan behar dut; barkatu, arren>. 19 Beste batek, berriz: <Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dut; barkatu, arren>. 20 Eta hurrengoak: <Ezkondu berria naiz eta ez naiteke joan>. 21 Honen guztiaren berri nagusiari ematera itzuli zen morroia. Etxeko nagusia biziki haserretu zen eta morroiari esan zion: <Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan barrena, eta ekarri hona behartsu, elbarri, itsu eta herrenak>.

22 «Geroago, morroiak esan zion: <Egin dut, jauna, zuk agindua, eta oraindik badago tokia>. 23 Orduan, nagusiak esan zion: <Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sarrarazi jendea barrura, etxea bete dakidan. 24 Egia esan, gonbidatu haietako batek ere ez du nire afaria dastatuko> ».



25 Jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan zien: 26 «Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aitamak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle. 27 Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena, ez daiteke izan nire ikasle.

28 «Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? 29 Bestela, zimenduak hartu ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete, 30 esanez: <Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu>.

31 «Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? 32 Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.

33 «Era berean, zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.



34 «Bai, gauza ona da gatza; baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? 35 Ez litzateke gauza ez lurrerako, ez ongarritarako; kanpora botako litzateke. Ulertzeko gauza denak uler beza».



15. atala

[aldatu]

1 Zergalari eta bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, 2 eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere!»

3 Jesusek parabola hau esan zien: 4 «Zuetako nor, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez da, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte? 5 Eta aurkitzen duenean, lepoan hartzen du poz-pozik 6 eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: <Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia!> 7 Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihozberritzen den bekatari batengatik, bihozberritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino.


8 «Edota zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta galdu zaion txanpona ardura guztiaz bilatzen aurkitu arte? 9 Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: <Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdua nuen txanpona!> 10 Egia esan, berdin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari batengatik»


11 Gainera, esan zien: «Gizon batek bi seme zituen. 12 Gazteenak esan zion aitari: <Aita, emadazu dagokidan senipartea>. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.

13 «Handik egun gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera alde egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. 14 Dena xahutu zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen. 15 Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. 16 Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. 17 Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen: <Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! 18 Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. 19 Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala>.

20 «Jaiki eta aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. 21 Semeak esan zion: <Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure seme-izenik merezi...> 22 Aitak, ordea, esan zien morroiei: <Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; 23 ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; 24 zeren seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut>. Eta festa hasi zuten.

25 «Seme zaharrena soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. 26 Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. 27 Hark erantzun: <Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik bereganatu duelako>. 28 Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. 29 Baina hark erantzun zion aitari: <Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa egiteko; 30 eta, horrako zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu>. 31 Aitak erantzun zion: <Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! 32 Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu!> »


16. atala

[aldatu]

1 Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.

2 «Deitu zion eta esan: <Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta>.

3 «Honela zioen, orduan, etxezainak bere baitan: <Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. 4 Badakit zer egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartua izan dezadan>.

5 «Deitu zituen bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: <Zenbat zor diozu nire nagusiari?> 6 Hark erantzun: <Ehun upel olio>. Etxezainak esan zion: <Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar>.

7 «Gero, hurrengoari galdetu zion: <Zuk zenbat zor diozu?> Hark erantzun: <Ehun anega gari>. Eta besteak, orduan: <Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei>.

8 «Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.



9 «Beraz, hauxe diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.

10 «Gauza txikietan fidagarria handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe. 11 Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? 12 Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?

13 «Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

14 Entzun zuten hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten zioten Jesusi. 15 Honek esan zien: «Zuek zeuen buruak zintzo azaltzen dituzue jendearen aurrean, baina ezagutzen du Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat mesprezagarri da.



16 «Moisesen legearen eta profeten garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da; geroztik, Jainkoaren erregetzaren berriona adierazten da, eta denek indar egiten dute bertan sartzeko.

17 «Errazago da zeru-lurrak desagertzea, legearen zeinurik txikiena ere huts gertatzea baino.



18 «Emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterio egiten du; eta senarrak utzitako emakume batekin ezkontzen denak adulterio egiten du.


19 «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak egiten zituena. 20 Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zena; zauriz josia zegoen. 21 Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.

22 «Hil zen eskalea, eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten. 23 Hilen Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro haren ondoan. 24 Orduan, deiadar egin zion: <Aita Abraham, erruki nitaz; bidal ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, kiskaltzen bainago sugar hauetan>. 25 Baina, Abrahamek erantzun zion: <Seme, gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak. 26 Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igarotzerik, ez eta hortik guregana ere>.

27 «Aberatsak, berriro: <Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, 28 bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki honetara etor ez daitezen>. 29 Abrahamek erantzun zion: <Hor dituzte Moises eta profetak: entzun diezaietela>. 30 Hark, oraindik: <Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla>. 31 Baina Abrahamek erantzun zion: <Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez dute kasurik egingo> ».



17. atala

[aldatu]

1 Jesusek esan zien ikasleei: «Nahitaezkoa da munduan galbideak gertatzea, baina dohakabea inoren sinesmena galbidean jartzen duena! 2 Hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetakoren bat galbidean jartzea baino. 3 Kontuz ibili!

«Senideren batek iraintzen bazaitu, egiozu errieta, eta, damutzen bada, barkatu. 4 Eta egunean zazpi aldiz iraintzen bazaitu eta zazpi aldiz etortzen bazaizu <Damu dut> esanez, barkatu».



5 Apostoluek eskatu zioten Jaunari:

-Handi ezazu sinesmena guregan.

6 Jaunak erantzun zuen:

-Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikuondo honi «Atera hortik eta landatu itsasoan» esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke.

7 «Emazue zuetako batek morroi bat duela soro-lan edo artzantzarako. Morroia etxeratzean, <Hator berehala mahaira> esaten ote dio? 8 Ez ote dio beste hau esaten: <Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk hik>? 9 Morroiari esker ona zor ote dio agindua bete duelako? 10 Zuek ere berdin: agindu zaizuen guztia egin eta gero, esan: <Morroi gizarajo batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin> ».


11 Jerusalemera bidean, Samaria eta Galilean barrena zihoan Jesus. 12 Herri batean sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, 13 deiadarka esan zioten:

-Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!

14 Jesusek, ikustean, esan zien:

-Joan eta azaldu apaizengana.

Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren. 15 Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli 16 eta Jesusen oinetara ahozpez erori zen, eskerrak emanez; samariarra zen bera. 17 Jesusek esan zuen: «Ez ote dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? 18 Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?»

19 Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».



20 Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek; Jesusek erantzun zien:

-Jainkoaren erregetza ez da nabarmen etorriko. 21 Ezin esango da: «Hona hemen» edo «Hara han»; zeren Jainkoaren erregetza zuen artean baitago jadanik.

22 Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko zaizue Gizonaren Semea etorriko deneko egun bat bederen ikusi nahi izango duzueneko garaia, baina ez duzue ikusiko. 23 Orduan, <Hona hemen, hara han> esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. 24 Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino distira egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. 25 Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du.

26 «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere. 27 Jan-edanean ziharduen jendeak, eta ezkondu egiten ziren, Noe untzian sartu zen arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen.

28 «Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, saldu eta erosi, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak; 29 baina Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen.

30 «Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere. 31 Egun hartan, etxe gainean dagoena eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaits; era berean, soroan dena ez bedi atzera itzul. 32 Oroitu Loten emazteaz.

33 «Bere bizia segurtatu nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du. 34 Egia esan, gau hartan bi egongo dira ohe berean: bata eraman eta bestea utzi egingo dute. 35 Bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata eraman eta bestea utzi egingo dute». ( 36 ).

37 Ikasleek galdetu zioten orduan:

-Non izango da hori, Jauna?

Jesusek erantzun zien:

-Sarraskia non, han biltzen dira putreak.


18. atala

[aldatu]

1 Etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, parabola hau esan zien Jesusek: 2 «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. 3 Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaileagana joaten zen eskatzera: <Egidazu justizia etsaiarekiko auzian>. 4 Luzaroan epaileak ez zion jaramonik egin, baina azkenean bere baitan esan zuen: <Ez diot Jainkoari beldurrik, ez eta gizakiari ere begirunerik; 5 baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egiodan justizia, etengabeko buruhausterik eman ez diezadan> ».

6 Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. 7 Eta Jainkoak ez ote die justizia egingo gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? 8 Berehala egingo diela justizia diotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ote du horrelako sinesmenik munduan?»

9 Honako parabola hau esan zien Jesusek beren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: 10 «Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera; bata fariseua eta bestea zergalaria. 11 Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: <Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ez eta horrako zergalari hori bezalakoa ere. 12 Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut>.

13 «Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: <Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz>.

14 «Benetan diotsuet, azkenengo hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

15 Haurtxoak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, hori ikustean, haserre egiten zieten. 16 Baina Jesusek haurtxoak beregana deitu zituen eta esan: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege. 17 Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

18 Handiki batek galdetu zion Jesusi:
-Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

19 Jesusek erantzun zion:
-Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.
20 Badakizkizu aginduak: Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ohoratu aitamak.

21 Hark, orduan:
-Gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.

22 Hori entzutean, Jesusek esan zion:
-Gauza bat falta zaizu oraindik: saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

23 Hitz hauek entzutean, guztiz atsekabetu zen handikia, oso aberatsa baitzen.

24 Jesusek, handiki hura hain atsekabetua ikusirik, esan zuen:
-Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!
25 Bai, orratzaren begitik gamelua sartzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

26 Entzuleek galdetu zioten:
-Nor salba daiteke, orduan?

27 Jesusek erantzun zien:
-Gizakiek ez dezaketena Jainkoak badezake.

28 Pedrok esan zuen:
-Hara, guk, genituen guztiak utzirik, zuri jarraitu dizugu.

29 Jesusek erantzun:
-Benetan diotsuet: Jainkoaren erregetzagatik etxea, emaztea, senideak, gurasoak eta seme-alabak uzten dituenak,
30 mundu honetan askoz gehiago jasoko du, eta datorren munduan betiko bizia.

31 Hamabiak beregana bildurik, Jesusek esan zien: «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta han beteko da profetek Gizonaren Semeaz idatzi duten guztia. 32 Izan ere, atzerritarren eskuetara emango dute, eta irain eta iseka egingo diote eta listua botako, 33 eta, zigorkatu ondoren, hil egingo dute; baina hirugarren egunean piztu egingo da».

34 Haiek, ordea, ez zuten ezertxo ere ulertu; haren hizkera ilun gertatzen zitzaien eta ez zekiten zer esan nahi zien.

35 Jesus Jerikora hurbildu zelarik, itsu bat eskean zegoen bide-ertzean eserita. 36 Jendea igarotzen sumaturik, zer gertatzen zen galdetu zuen. 37 Jesus Nazaretarra igarotzen zela jakinarazi zioten. 38 Orduan, deiadarka hasi zen:
-Jesus, Daviden Semea, erruki zakizkit!

39 Aurretik zihoazenek gogor egiten zioten, isil zedin; baina hark areago oihu:
-Daviden Semea, erruki zakizkit!

40 Jesusek, gelditurik, beregana ekartzeko agindu zuen. Hurbildu zenean, galdetu zion:

41 -Zer nahi duzu niregandik?
Hark erantzun:
-Berriro ikustea, Jauna!

42 Jesusek esan zion:
-Ikusi, bada; zeure sinesmenak sendatu zaitu.

43 Bat-batean, ikusmena etorri zitzaion berriro, eta Jesusen ondoren joan zen, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen.

19. atala

[aldatu]

1 Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan. 2 Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. 3 Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. 4 Lasterka aurrerago joan eta pikuondo batera igo zen Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. 5 Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». 6 Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean.

7 Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz».

8 Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:

-Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.

9 Jesusek esan zion:

-Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita. 10 Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.



11 Jendea entzuten ari zitzaiola, Jesusek beste parabola bat kontatu zien, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erregetza une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: 12 «Handiki bat urrutiko herrialde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzekotan. 13 Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre banatu zizkien, esanez: <Jarri irabazian, ni itzuli bitartean>.

14 «Baina herritarrek, gorroto zioten eta mandatariak bidali zituzten atzetik, esatera: <Ez dugu hori errege nahi>.

15 «Errege-izendapena harturik itzuli zenean, dirua banatu zien morroiak beregana deitu zituen, bakoitzak zer irabazi ote zuen jakiteko. 16 Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zion: <Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du>. 17 Nagusiak erantzun: <Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan haizenez gero, hartzak hamar hirietako agintea>. 18 Joan zen, gero, bigarrena eta esan zion: <Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du>. 19 Honi ere nagusiak esan zion: <Izan hadi bost hiriren buru>. 20 Joan zen beste bat eta esan zion: <Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapi batean bildua eduki dut. 21 Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna>. 22 Nagusiak, orduan: <Heure esanez kondenatuko haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizena, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. 23 Nolatan ez huen, bada, nire dirua bankuan ipini? Horrela, itzultzean, korrituekin jasoko nian>. 24 Eta bertan zeudenei esan zien: <Ken iezaiozue ontzakoa eta eman hamar dituenari>. 25 Haiek erantzun zioten: <Jauna, lehendik hamar ontzako ez ditu, bada?> 26 Nagusiak erantzun zien: <Fruitua dakarrenari eman egingo zaio; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. 27 Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, berriz, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean> ».


28 Hitz hauek esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu zuen Jesusek, denen aurretik. 29 Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara hurbildu zelarik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek, 30 esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartzean, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri niri. 31 Norbaitek zergatik askatzen duzuen galdetuko balizue, erantzun: <Jaunak behar du> ».

32 Joan ziren, bada, bidalitakoak, eta Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena. 33 Astakumea askatzen ari zirela, jabeek galdetu zieten:

-Zergatik askatzen duzue astakumea?

34 -Jaunak behar du -erantzun zuten haiek.

35 Jesusi ekarri zioten eta, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarririk, gainean eserarazi zuten. 36 Eta, pasatzean, jantziak zabaltzen zituzten bidean. 37 Oliamenditik behera hartzera zihoala, ikasle guztiak multzoan, pozez beterik, Jainkoa ozenki goresten hasi ziren, ikusi zituzten mirari guztiengatik. 38 Honela zioten: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari!»

39 Jendarteko fariseu batzuek esan zioten Jesusi:

-Maisu, egiezu errieta ikasleei!

40 Hark erantzun zien:

-Egia esan, hauek isilduko balira, harriek egingo lukete oihu.


41 Jesus, hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik, 42 eta esan zuen: «Ai, Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza ikusteko. 43 Etorriko zaizu, bai, garaia, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; 44 erraustu egingo zaituztete zeu eta zeure bizilagunak, eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».


45 Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen, 46 esanez: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

47 Egunero tenpluan irakasten jardun ohi zuen. Apaizburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian zebiltzan; 48 baina ez zuten asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik baitzegoen hari entzuten.



20. atala

[aldatu]

1 Egun batean, Jesusek tenpluan herriari irakasten eta berriona hots egiten ziharduela, apaizburuak eta lege-maisuak etorri zitzaizkion zaharrekin batera, 2 eta galdetu zioten:

-Esaguzu zein aginpidez jokatzen duzun horrela. Nor da aginpide hori eman dizuna?

3 Jesusek erantzun zien:

-Nik ere gauza bat galdetuko dizuet. Esadazue: 4 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen?

5 Haiek honela ari ziren beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu. 6 Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendeak harrika emango digu, Joan profeta zela sinetsiak baitaude denak».

7 Beraz, ez zekitela noren aginduz ari zen erantzun zioten.

8 Jesusek, orduan:

-Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.



9 Orduan, parabola hau esan zion Jesusek herriari: «Gizon batek mahastia landatu zuen eta, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen aldi baterako. 10 Bere garaian, morroi bat bidali zien nekazariei, mahastiaren fruitutik zegokion partea eman ziezaioten. Baina nekazariek morroia jo eta esku-hutsik bidali zuten. 11 Berriro beste morroi bat bidali zien; baina hau ere jo, irainez bete eta esku-hutsik bidali zuten. 12 Hirugarrena ere bidali zien; baina hura ere zauritu eta kanpora bota zuten. 13 Mahasti-jabeak, orduan, berekiko esan zuen: <Zer egin? Neure seme maitea bidaliko dut. Izango ahal diote honi begirune!> 14 Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zioten elkarri: <Oinordekoa duk! Hil dezagun, eta mahastiaren jabe izango gaituk>. 15 Eta mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten.

«Zer egingo ote die, bada, mahasti-jabeak? 16 Joan eta garbitu egingo ditu langile horiek, eta mahastia beste batzuen esku utziko».

Entzuten zeudenek esan zuten:

-Ez dezala Jainkoak nahi!

17 Baina, Jesusek, begira-begira jarririk, esan zien:

-Zer esan nahi du, bada, Liburu Santuak dioen honek:

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da?


18 «Harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du».

19 Lege-maisu eta apaizburuek Jesusi eskua erantsi nahi izan zioten orduan bertan, ondo jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina beldur izan zioten jendeari.



20 Lege-maisuek eta fariseuek Jesus zelatatzen hasi ziren. Zirikatzaile batzuk bidali zizkioten, zintzoarena eginez, hura hitzen batean harrapatzeko eta, hala, gobernariaren esku eta mende jartzeko asmoz. 21 Honela galdetu zioten, bada:

-Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten duzula eta ez duzula kontuan hartzen gizakiaren itxura, baizik eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula. 22 Zilegi al zaigu Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?

23 Haien maltzurkeriari antzemanik, Jesusek esan zien:

24 -Ea, erakutsi txanpon bat. Norenak dira daramatzan irudia eta izena?

Haiek erantzun:

-Zesarrenak

25 Jesusek, orduan:

-Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

26 Ezin izan zuten ezertan ere herriaren aurrean harrapatu eta, haren erantzunaz harriturik, hitzik gabe gelditu ziren.



27 Ondoren, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:

28 -Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.

29 «Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. 30 Bigarrena 31 eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. 32 Azkenik, hil zen emakumea ere. 33 Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»

34 Jesusek erantzun zien:

-Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; 35 baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; 36 izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. 37 Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean. 38 Ez da hilen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.

39 Orduan, lege-maisu batzuek hitza hartu zuten eta esan:

-Ederki esan duzu, Maisu.

40 Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.



41 Jesusek galdera hau egin zien: «Nola esaten da Mesias Daviden ondorengo dela? 42 Izan ere, Davidek berak dio Salmoen liburuan:

«Hona Jaunak ene Jaunari esana: <Eseri nire eskuinean, 43 zeure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean>.


44 «Beraz, Davidek Jauna deitzen dio; orduan, nola izan dezake ondorengo?»



45 Herri guztia entzuten zeukala, Jesusek ikasleei esan zien: 46 «Kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak beraiei agur egitea; gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak; 47 eta azkengabeko otoitzen aitzakiaz, emakume alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».



21. atala

[aldatu]

1 Begira zegoela, aberats batzuk ikusi zituen Jesusek tenpluko dirutegian limosna botatzen. 2 Ikusi zuen emakume alargun behartsu bat ere bi sos botatzen, 3 eta esan zuen: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du. 4 Izan ere, beste horiek guztiek sobera dutenetik egin dute limosna; honek, ordea, bere eskasian, bizitzeko zeukan guztia eman du».


5 Batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zuen: 6 «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute».



7 Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»

8 Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: <Ni naiz Mesias>, edo <Gainean da garaia>. Ez joan halakoen ondoren. 9 Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».

10 Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; 11 lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.

12 «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta errege eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik. 13 Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. 14 Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik: 15 neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango. 16 Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko. 17 Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; 18 baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko. 19 Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.



20 «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia. 21 Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar. 22 Zigor-egunak izango dira haiek, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia. 23 Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! Estuasun gogorra izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. 24 Ezpata-ahoz hilko dituzte eta nazio guztietara eramango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte.



25 «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik. 26 Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita. 27 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.

28 «Hau guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen askapena».



29 Jesusek irudi bat jarri zien: «Begira pikuondoari edo beste edozein zuhaitzi: 30 kimu-berritzen hasi direla ikusi eta, besterik gabe, badakizue uda hurbil dela. 31 Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela Jainkoaren erregetza. 32 Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 33 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

34 «Zabiltzate, bada, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla eta, ez bekizue gogoa motel, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen, 35 sarea bezala eroriko baita munduan bizi diren guztien gainera. 36 Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen».

37 Tenpluan irakasten eman ohi zituen Jesusek egunak, eta Oliamendira ateratzen zen gauak igarotzera. 38 Eta herri guztia goizean goiz joaten zitzaion tenplura, entzutera.


22. atala

[aldatu]

1 Hurbil zen Legamigabeko Ogien Jaia, Pazko Jaia ere deitua. 2 Apaizburu eta lege-maisuak Jesus nola hilko zebiltzan, baina herriaren beldur ziren. 3 Orduan, Satanas sartu zen Hamabien taldeko Judasengan, Iskariote deituarengan. 4 Judas apaizburu eta tenpluko guardaburuengana joan zen, haien eskuetara Jesus nola eman hitz egitera. 5 Poztu egin ziren haiek, eta Judasi dirua ematea erabaki zuten. 6 Honek onartu egin zuen, eta jendeak jakin gabe Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen.



7 Iritsi zen Legamigabeko Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zeneko eguna. 8 Orduan, Pedro eta Joan bidali zituen Jesusek, esanez:

-Zoazte guretzat Pazko-afaria prestatzera.

9 Haiek galdetu zioten:

-Non prestatu behar dugu?

10 Jesusek erantzun:

-Hara, hirian sartzean, ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari sartuko den etxeraino, 11 eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen dizu non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». 12 Hark gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik; prestatu hantxe.

13 Joan ziren, eta dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.



14 Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin. 15 Eta esan zien: «Banuen gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko! 16 Zeren, egia esan, ez baitut Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte».

17 Eta, kopa harturik, esker onezko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta eman elkarri. 18 Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».

19 Gero, ogia hartu zuen eta, esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».

20 Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.



21 «Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena. 22 Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!»

23 Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.



24 Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena. 25 Jesusek esan zien: «Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte herriok, eta agintedunek <Ongile> izena nahi izaten dute berentzat. 26 Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. 27 Zein ote da handiago, mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni zerbitzari bezala nago zuen artean.

28 «Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan. 29 Eta nik erregetza ematen dizuet, Aitak neuri eman zidan bezala: 30 ni errege izango naizenean, nire mahaian jan eta edango duzue, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.



31 «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko. 32 Baina nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak».

33 Pedrok esan zion:

-Jauna, prest nago zurekin baita kartzelara eta heriotzara ere joateko.

34 Jesusek, orduan:

-Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.

35 Ondoren, ikasleei esan zien:

-Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?

Haiek erantzun:

-Ezer ere ez.

36 Jesusek, berriro:

-Orain, bada, poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa, hura erosteko. 37 Zeren, egia esan, niregan bete beharra baita Liburu Santuak dioena: Bekatarien kidekotzat jo zuten. Izan ere, nireak laster egingo du.

38 Haiek esan zioten:

-Jauna, baditugu hemen bi ezpata.

Baina Jesusek erantzun:

-Aski da!



39 Ondoren, Jesus atera eta Oliamendirantz abiatu zen, ohi zuenez, eta ikasleak ere bai haren ondoren. 40 Hara iristean, Jesusek esan zien: «Egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko».

41 Eta, haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz: 42 «Aita, nahi baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia, ez nirea».

43 Zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez. 44 Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten zuen otoitz. Eta izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi. 45 Otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu zituen, 46 eta esan zien: «Nola zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko».



47 Jesus hizketan ari zela, han azaldu zen jende-multzoa; Hamabietako bat, Judas zeritzana, zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera. 48 Jesusek esan zion: «Judas, musu batez saltzen al duzu Gizonaren Semea?»

49 Gertatzera zihoanaz oharturik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten: «Jauna, erasoko al diegu ezpataz?»

50 Eta haietako batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. 51 Baina Jesusek esan zuen:«Utzi! Aski da!»

Eta, belarria ukiturik, sendatu egin zion.

52 Orduan, haren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardaburu eta zaharrei esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala. 53 Egunero tenpluan zuekin nintzen, eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».



54 Jesus preso hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitzen zion. 55 Batzuk patio erdian sua piztu eta haren inguruan eseri ziren, eta haien artean eseri zen Pedro ere.

56 Neskame batek, Pedro sutondoan eseria ikustean, begira jarri eta esan zuen:

-Hau ere Jesusekin zebilen.

57 Baina hark ukatu, esanez:

-Emakume, ez dinat ezagutzen hori.

58 Handik berehala, beste batek ikusi eta esan zion Pedrori:

-Hi ere haietakoa haiz.

Pedrok, orduan:

-Ez, mutil!

59 Handik ordu bete ingurura, beste batek berriro esan zuen:

-Bai, hau ere Jesusekin bizi huen, galilearra duk eta.

60 Pedrok erantzun zuen:

-Ez zekiat zertaz ari haizen, mutil!

Eta une berean, oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen. 61 Itzuli zen Jauna eta Pedrori begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», 62 eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.

63 Jesus preso zeukatenak isekaz ari zitzaizkion eta joka. 64 Begiak estalirik, honela galdetzen zioten: «Asma ezak, profeta, nork jo hau?»

65 Eta beste hitz iraingarri asko esaten zioten.



66 Eguna zabaldu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren, eta Jesus Biltzar Nagusira eraman zuten. 67 Honela esan zioten:

-Mesias baldin bazara, esaguzu.

Hark erantzun:

-Baietz esaten badizuet, ez didazue sinetsiko, 68 eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo. 69 Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eserita egongo da.

70 Orduan, denek esan zuten:

-Zu zara, beraz, Jainkoaren Semea?

Hark erantzun zien:

-Zeuek diozue, neu naiz.

71 Haiek, orduan:

-Ba ote dugu lekuko beharrik? Geuk entzun diogu bere ahotik.



23. atala

[aldatu]

1 Altxatu ziren denak eta Pilatogana eraman zuten Jesus. 2 Han, salatzen hasi zitzaizkion: «Gure nazioa nahaspilatzen harrapatu dugu gizon hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazten du eta bera Mesias, erregea, dela esaten».

3 Pilatok galdetu zion:

-Zu al zara juduen erregea?

Jesusek erantzun zion:

-Zeuk diozu.

4 Pilatok apaizburu eta jende-taldeari esan zien:

-Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.

5 Baina haiek, behin eta berriro: «Judea osoan barrena herria asaldatzen ari da bere irakaspenez; Galilean hasi zen eta honaino iritsi da».


6 Hori entzutean, gizon hura galilearra zen galdetu zuen Pilatok. 7 Eta, Herodesen eskumenekoa zela jakinik, hari bidali zion, Jerusalemen baitzen egun haietan. 8 Biziki poztu zen Herodes Jesus ikusteaz, aspaldian baitzuen hura ezagutzeko gogoa, hartaz entzuten zituenengatik; mirariren bat egiten ikusiko zuela ere espero zuen. 9 Herodesek galdera asko egin zion, baina Jesusek hitzik erantzun ez. 10 Bitartean, han ari ziren apaizburu eta lege-maisuak salatu eta salatu. 11 Herodesek, bere soldaduekin batera, mesprezio eta isekaz erabili zuen Jesus eta, jantzi distiratsu bat soinean jarririk, berriro Pilatogana bidali zuen. 12 Egun hartan, adiskidetu egin ziren Herodes eta Pilato, etsai baitziren lehen.



13 Pilatok, apaizburu, agintari eta herria berriro bildurik, 14 honela esan zien: «Gizon hau herria nahaspilatzen ari dela-eta ekarri didazue; baina zuen aurrean galderak egin dizkiot eta ez diot aurkitu zuek egozten diozuen errurik batere; 15 ez eta Herodesek ere, guri bidali baitigu ostera. Honek ez du, beraz, heriotza merezi duenik ezer egin. 16 Zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut». ( 17 ).

18 Baina denek aho batez oihuka esan zioten:

-Kendu hori eta aska iezaguzu Barrabas!

19 Barrabas hau, hirian gertaturiko matxinada eta giza hilketa batengatik kartzelan sartua zuten.

20 Jesus askatu nahian Pilato berriro mintzatu zitzaien; 21 baina haiek oihuka:

-Gurutzera hori! Gurutzera!

22 Hark hirugarren aldiz esan zien:

-Zer oker egin du, bada, honek? Nik ez dut hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut.

23 Haiek oihu eta oihu ari ziren gurutzera zezala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziren oihuak. 24 Orduan, Pilatok haien eskabideari men egitea erabaki zuen: 25 haiek eskatzen zutena -matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena- askatu eta Jesus beren esku utzi zien.



26 Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan. 27 Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, bai eta emakume asko ere bular-joka eta harengatik aieneka. 28 Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien: «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik. 29 Hara, badatoz honako hau esango den egunak: <Zorionekoak agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta titirik eman ez duten bularrak>. 30 Orduan, honela esango diete mendiei: <Eror zaitezte gure gainera>, eta muinoei: <Ezkuta gaitzazue>. 31 Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote iharrari?»

32 Jesusekin batera bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.



33 «Buru-hezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, bai eta bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. 34 Jesusek honela zioen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».

Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.

35 Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada». 36 Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: 37 «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua».

38 Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».

39 Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:

-Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!

40 Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:

-Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? 41 Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.

42 Gero, gaineratu zuen:

-Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.

43 Jesusek erantzun zion:

-Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.



44 Eguerdialdea zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte. 45 Eguzkia ezkutatu egin zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen. 46 Jesusek, oihu handia eginez, esan zuen: «Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia». Hau esanik, azken arnasa eman zuen.

47 Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi zuen, esanez: «Benetan gizon hau zintzoa zen!»

48 Ikuskizunera joandako jende guztia, gertatua ikusirik, bular-joka itzuli zen hirira. 49 Jesusen ezagun guztiak, bai eta Galileatik jarraitu zioten emakumeak ere, urrutixeago zeuden begira.



50 Orduan, kontseiluko kide bat etorri zen, Jose zeritzana, gizon on eta zintzoa; 51 honek ez zituen ontzat eman Biltzar Nagusiaren erabaki eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zen izatez, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. 52 Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. 53 Jesus gurutzetik eraitsirik, izara batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko eta oraindik beste inor ehortzi gabeko hilobi batean ezarri. 54 Festarako prestaketak egiteko eguna zen eta larunbata hastera zihoan.

55 Galileatik Jesusekin etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanik, hilobia ikusi zuten eta Jesusen gorpua nola ezartzen zuten begiratu. 56 Gero, itzuli eta usain-gozoko ukenduak prestatu zituzten.


Larunbatean atseden hartu zuten, agindua zegoen bezala.

24. atala

[aldatu]

1 Baina asteko lehen egunean, goizean goiz joan ziren emakumeak hilobira, prestaturiko ukenduak berekin zituztela. 2 Hilobi-sarrerako harria biratua aurkitu zuten. 3 Sartu ziren, baina ez zuten Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. 4 Zer pentsa ez zekitela zeuden, eta, hartan, bi gizaseme agertu zitzaizkien jantzi distiratsuz. 5 Emakumeak ahozpez lurrera erori ziren ikaraz. Baina gizaseme haiek esan zieten: «Zergatik zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila? 6 Ez dago hemen, piztua da. Gogora ezazue zer esan zizuen oraindik Galilean zegoela: 7 alegia, Gizonaren Semea bekatarien eskuetara eman behar zutela eta gurutziltzatu, eta hirugarren egunean piztu egin behar zuela».

8 Oroitu ziren haiek Jesusen hitzez, 9 eta, hilobitik itzulirik, gertatu guztiaren berri eman zieten Hamaikei eta gainerako ikasleei. 10 Magdalako Maria, Joana eta Maria Santiagorena ziren emakumeok; hauekin batera joandako beste emakumeek ere gauza bera esaten zieten apostoluei. 11 Baina apostoluek zorakeriatzat hartu zituzten berriok, eta ez zieten sinetsi.

12 Hala ere, Pedro jaiki eta hilobira joan zen lasterka; makurturik, barrura begiratu eta oihal-zerrendak bakarrik ikusi zituen, eta etxera itzuli zen gertatuaz harriturik.



13 Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. 14 Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. 15 Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. 16 Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu. 17 Jesusek esan zien:

-Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?

Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, 18 eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:

-Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!

19 -Zer gertatu da, bada? -esan zien hark.

Haiek erantzun zioten:

-Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; 20 baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. 21 Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela. 22 Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira 23 eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. 24 Guretako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.

25 Orduan, Jesusek esan zien:

-Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko! 26 Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?

27 Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien. 28 Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. 29 Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.

30 Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien. 31 Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik. 32 Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»

33 Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, 34 honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».

35 Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.



36 Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela, Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».

37 Beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten zutela uste zuten. 38 Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutzen zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? 39 Ikusi nire esku-oinak, neu naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez».

40 Hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien. 41 Baina, oraindik pozaren pozez sinetsi ezinik eta guztiz harriturik zeudenez, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?»

42 Arrain erre puska bat eskaini zioten. 43 Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. 44 Ondoren, esan zien: «Hauxe da, oraindik zuekin nengoela, esan nizuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela».

45 Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten. 46 Eta esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hilen artetik piztu, 47 eta, Jerusalemen hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. 48 Zuek zarete honen guztiaren lekuko. 49 Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».



50 Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen. 51 Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. 52 Haiek, Jesus ahozpez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. 53 Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.